XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehenik eta behin, ez nuen ezer nitaz inor harrotu zedin.

Ni mutiko nekazari petoa nintzen.

Jesusengan sinisten nuen, eta zin-zinez errezatzen nituen nere otoitzak.

Sinistuta nengoen Santa Claus bazela.

Eta nere Alabamako etxean, elizara joateko ezik, ez nituen zapatak inoiz jazten, ez neguan, ez udaran.

Tortura latza zen estu-estu lotutako zapata haien barruan infernua bezain beroak eta beruna bezain astunak New Orleanseko kaleetan zehar arrastaka eramana izatea.

Ez dakit zer zen okerragoa, zapatak ala janaria.

Etxean oilasko errea eta aza eta babarrun zuriak eta taloak eta beste gauza gustagarri pila jaten ohituta nengoen.

Baina New Orleanseko jatetxe horiek!

Ez zait inoiz ahaztuko jan nuen lehenbiziko ostra, amesgaizto bat bezalakoa, holaxe zen, nere eztarrian behera labainduz; urteak joan ziren nik beste bat irentsi baino lehen.

Eta janari kreoila min guzti horietaz pentsatzeak bakarrik bihotzerrea ematen dit.

Ez, jauna, nik labetik ateratako gaileta egin berriak eta behi-esne freskoa eta zuzenean baldetik hartutako etxeko azukre-ondarra nituen gogoan.

Aita gizajoa ez zen nere zoritxarraz batere ohartzen; alde batetik, inoiz ez nuelako nabarmen utzi eta sekula esan ez niolako; eta, bestetik, amak protestatu egin bazuen ere, Gabon haietan ni zaintzeko legezko baimena lortu zuelako.